english | 日本語 | español | basque
terre thaemlitz writings
執筆

Ez naiz lesbiana!
Hiru hitz laburrentzako erantzun ofiziala... "Gay al zara?"
 
- Terre Thaemlitz


This translation appeared in "Zehar: Revista de Arteleku-ko Aldizkaria," (Spain: Arteleku, No. 54, 2004). Originally published on comatonse.com (Japan: Comatonse Recordings, November 21, 2000).

 

Berriki, emakume kazetari hetero bat, senargai heteroa alboan zuela, nire sofan eseri zen ohiko galderak egiteko. Ohiko erantzunak ematen ari nintzaiola, senargaiaren eskua laztantzen zuela ikusi nuen, begiek diz-diz egiten ziotela hari begira zegoen bitartean, eta, tarteka, bere maitasun-trantzetik ateratzen zen niri galdera bat egiteko. Ondoren, begiratu lauso bat ematen zidala, bildu zuen behar adina ausardia edozeinek arrotz baten ahoan entzutea desiratzen duen hiru hitz labur horiek esateko... "Gay al zara?" Etenaldia.

Ai ama... benetan galdetzen ari da!

Ez dakit zergatik, harrituta geratzen naiz beti galdera hori egiten didatenean, bereziki -nik dakidanagatik- nire "proiektua" dei daitekeenaren zati handi bat "benetako" identitateak deseraikitzera bideratu nuenetik, sexualitatea eta generoa barne. Baina galdera egina zegoen, hau da, aurrez suposatu zuela nire intriga queer guztiak bere buruari benetan dena deitzeko milikegia den gay mutil baten trikimailu ideologikoak besterik ez zirela edo nire sexu politikaren eta ugaltzeko inperatibo biologiko baten arteko inkongruentziei buruz erruz beteriko mutiko hetero baten begikotasun okerra. Izan ere, galdera hura nire karrera urteetan jarraitu zuela esaten zuen kazetari batek egin bazidan, ez nintzen inolako oinarrizko informaziorik transmititzeko gai izan eta eman nezakeen edozein erantzun alferrikakoa izango zen. Baina, esan dudan moduan, betiko galderak egiten ari zen eta betiko erantzunak ematen ari nintzaion, "tonu grisen" metafora zaharra, inozo aurpegia jarrita lasai asko azaldua: "Heterosexualitatea zuria bada eta homosexualitatea beltza, queer-tasunak haien artean dauden tonu gris guztiak biltzen ditu".

"A, zu bisex...", erantzun lezake kazetariak.

"Ez, ez naiz bisexuala. Queer naiz. Bisexualitatearen lengoaiak heterosexualitatearen eta homosexualitatearen polaritatea indartzen du. Sexualitateak bi forma baino gehiago ditu eta bi genero baino gehiago ere bai".

"A", kazetariak urduri barre egin lezake, pentsatuz teknikotasun batean harrapatu nahi ditudala-edo, "hirugarren generoa... trabestiak, esate baterako".

"Hara, hiru genero baino gehiago daude..."

Etenaldia. Triste, jabetzen naiz nire hitzak logika-joko gisa bakarrik hartzen direla, nahiz eta sexualitatearen eta generoaren bariazioak hiru baino askoz gehiago izan. Agian berriz ere inozo aurpegia jartzeko unea da.

Ez utzi ortzadar-bandera horrek engaina zaitzan, Gay Prentsak oso gutxitan biltzen du edo egiten dio publizitatea queer denari. Izan ere, gay argitalpenetako idazle eta editore askok "queer" terminoa ezabatu eta "gay" edo "lesbiana"-rekin ordezkatzen dute, bai eta aipamen zuzen bat denean ere. "Queer kausa"-ren aldekoak diren gay kazetariek ere ez dute ulertzen. Adibidez, bere azken argitalpenaren kopia bat eman berri zidan queer-en aldeko kazetari bati goiko elkarrizketa kontatzen nion bitartean, konturatu nintzen gorritu egiten zela, deseroso. Geroago "gay artista" moduan deskribatzen ninduen artikuluko lehenengo lerroa irakurri nuen. Hmm... Mille Plateaux-en prentsa-ohar batetik ateratako hizkera ere izan zitekeen...

Behin eta berriz, mundu guztiko lagunek pasadizoak kontatzen dizkidate, arnasestuka kontatzen dietela, alegia, Terre Thaemlitz "Gay Erregina" iruzurti hutsa dela eta emakume batekin harrapatu dutela. Bereziki iraingarriak dira kontu horiekin gay eta lesbiana huts gisa identifikatzen diren nire lagunengana doazenak, komunitate homosexualaz egiten dudan nire manipulazioarekin harritu edo sutu egingo diren egiazko homosexualak direlakoan.

Utz iezadazue behingoz kontua erabakitzen:

EZ NAIZ LESBIANA!

(baina beste edozer izan ninteke.)

Birtualki beirazko armairu batean jaioa izanik -homosexual eta neska bezala ikusten eta bereizten ninduten urteetan, nire desio sexualak subjektiboki ulertzen hasi baino lehen-, onartu behar izan dut nire identitate sexuala (eta batzuetan generoa) ikasitako eta heredatutako gauza bat dela, egintza sexualetatik nahiko desberdina. Ez dut alienazioa eta sufrimendua besterik topatu heterosexuala eta homosexuala bakarrik izateko saiakeretan, biak baitira nire jarduera sexualen isla pobreak. Adibidez (eta hauek ez dira suposamendu akademiko hutsak):

  • Zein da nire identitate sexuala emakume heterosexual batekin harreman sexualak dituen emakumez jantzitako drag queen transgenero bat banaiz? Eta lesbiana bada? Eta gizonez jantzita banago? Eta gizonez jantzita badago? Zer hartzen da "sexutzat", eta atzetik ematen ari bazait, zer? Eta ez bada ari? Eta pertsona horrekin harreman monogamo luze bat badut, zer?

  • Zein da nire identitatea emakume transexual heterosexual batekin gizon-emakume harreman bat duen gizonez jantzitako drag queen transgenero bat banaiz, kontuan hartuz nik ez dakidala trans dela? Eta onartzen badut banekiela trans dela, zer? Eta emakumez jantzita banago, zer? Eta gay bada? Eta queer bezala identifikatzen bada, zer? Eta bisexuala bada, zer? Zer hartzen da "sexutzat", eta atzetik ematen ari bazait, zer? Eta ez bada ari, zer? Eta pertsona horrekin harreman monogamo luze bat badut, zer?

  • Zein zen nire identitate sexuala bere generoa argi ez duen eta askotan mutilez janzten den emakume batekin harreman sexualak izaten dituen gizonez jantzitako drag queen transgenero bat banaiz? Eta lesbiana bada, zer? Eta queer gisa identifikatzen bada? Eta bisexuala bada, zer? Eta gizonez jantzita badago? Eta zer emakumez jantzita badago? Eta zer hartzen da "sexutzat", eta atzetik ematen ari bada, zer? Eta ez bada hala ari? Eta pertsona horrekin harreman monogamo luze bat badut, zer?

  • Zein zen nire identitate sexuala queer eta androgenoa den eta bere generoa argi ez duen gizon batekin harreman sexualak dituen gizonez jantzitako drag queen transgenero bat banaiz? Eta gay bada, zer? Eta bisexuala bada? Eta lesbiana bada, zer? Eta heterosexuala bada? Eta zer emakumez jantzita banago? Eta zer emakumez jantzita badago? Zer hartzen da "sexutzat", eta atzetik ematen ari bada, zer? Eta ez bada hala ari? Eta pertsona horrekin harreman monogamo luze bat badut, zer?

Ezagutzen ez nauten pertsonek askotan ahopeka esaten dute "nahastuta" nagoela. Gerta daiteke beraiek egotea nahastuta, nire sexualitateaz dituzten aurrez ezarritako ideiekin konformatzen ez naizelako, baina ez nago nahastuta, ez eta hurrik eman ere. Oso ondo dakit zein motatako jendea gustatzen zaidan eta nork berotzen nauen. Badakit normalean zerk hozten nauen ere. Dirudienez jende askorentzat, mutil gihartsu hotzen atzetik ibiltzen den drag queenaren estereotipoan (edozein moduz horiek matxo bulartsuak nahiago izaten dituzte) ez sartzeak "nahastu" egiten nau. Baina gizon gehienek ez erakartzea ez da misterio bat niretzat, gizonezkoen indarkeria jasan bainuen haurtzaroan (eta hain maiz ez den arren, egun ere bai) eta nire lagunik onenak emakumeengan topatu ditut. Beraz, heldu gisa, emakumeek (pasiboak edo semi-aktiboak) eta afeminatuek (maskulinoak, transexualak edo femeninoak) erakartzen naute fisikoki eta emozionalki. Super-matxoen indarkeria nire irudia maskulinitatearen konbentzioetatik baztertuz aldatzeko transgeneroan eta androginian dudan interesarekin estu erlazionatua dago.

Edozein moduz, beharrezkoa al da zehatz-mehatz nire ipurdian edo nire kidearen ipurdian zer dagoen sartuta jakitea, benetako gay bat naizen jakiteko? (Jainkoak libra dezala jendea onartzetik badirela gay asko sekula atzetik ematen ez dutenak eta neska-mutil heterosexual askok horretan jarduten dutela!) Nire maitaleez galdera egiten didan edozeini zintzo erantzuten saiatu arren beti, hain harrigarria al da nire ohiturak ez traizionatzea, oheratzen naizen pertsona orori publizitatea emateko, nire homosexualitatea ebaluatzeko ingurukoei datu estatistikoak emateko helburu bakarrarekin? Eta orain arte nire harreman luze guztiak emakumeekin eduki izanak heterosexuala egiten al nau? Ez dute hori pentsatzen urtetan elkarrekin egon ondoren "queer nazkante bat" izateagatik nigandik banandu diren emakumeek. Ez eta emakumeekin harremanak izateari utzi eta behingoz nire "benetako homosexualitateari" aurre egiteko eskatu didaten gizonek ere. Ez eta, beren lagunak "beren gay semearen eta haren neskalagunaren" argazkiarekin edo, hobe oraindik, "beren gay semearen eta haren emaztearen" argazkiarekin nahasten dituzten intentzio oneko gurasoek ere.

Hala eta guztiz ere, arrotz maitea,betiko galderarentzat erantzun sinplea nahi baduzu:

Gay al naiz?

Ez, ez naiz gay. Queer izateaz oso pozik nago, duintasunik eta harrotasunik gabe. Gay munduarentzat lotsagarria naiz. Kultura homosexualarentzat gaitza naiz. Orain, berriz irakur itzazu sexualitateari eta generoari buruzko nire artikulu guztiak eta saia zaitez nire lagunak horrelako kontuekin ez nekarazten.

- November 21, 2000


Gehigarria: Badira ere ados ez dauden ahizpak eta behin eta berriz diote ni lesbiana naizela beste hainbat gauzaren artean.